XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AITOR - Inoiz entzun nion nik, oraintxe gogoratzen naizenez, nere amona zenari, itxas-egalean ibilten zaretela urarekon jolaska ta zeuron ille-mataza ederrak orraztu ta orraztu.

- Egie ote dut hori?.

BERBIZNE - Bai, gazte! Emeak gara, ta ba dakizu emakumezkoen oiturak; ardura haundia dugu zeregin batzuetan, dotore jantzi ta ilea orraztu; horixe duzu gure egitekorik bereziena, ta gero gerokoak.

- Inoizkoren baten bidali izan ditugu gazteak herriz herri, orrazi bila.

AITOR - Ongileak zaretala entzuna dut.

- Nolako on-egiteka bizi zarete?.

BERBIZNE - Diozun bezalaxe duzu: on-egileak gara; geure artean eta kanpora irtetzen dugunean.

- Ona: gauez eta egunez ere bai inoizka, zu orain antzo, gazteren bat bidean dijoala galtzen baldin bada, guk erakusten diogu bidea, bere etxera okerrik gabe itzuli dadin.

- Berdin: umetxo bat bere seaskan lorik egin ezinik baldin badago, guk ixten ditugu haren begiak gantzugailuz igurtziz bere ninitxoak: loak artzen du bertatik.

- Eta gurasoen lasaitasuna!.

AITOR - Ongi egina beti eder!.

- Nola duzu izena nere amari esan diezaiodan? Poztuko litzakit ama holako gauzak jakitean.

BERBIZNE - Berbizne duzu nere izena.

- Leno Maite deitzen zidaten; baina ezbear bat izan nuen duela ogei urte; hor bean, itxasbaztarrean igeri nenbillela, mamu haundi batek erro eskergaz atxiki ta ondatu nahi izan ninduen.

- Nere aizpak lagunduta, erdi hilik, atera ninduten mamu gaiztoaren atzapar artetik.

- Arpera jaso ta berriz bizirik agertu nintzalako, Berbizne deitzen asi zitzaizkidan.

- Arrezkero olaxe deitzen naute.

AITOR - Nolako estualdiak izan ohi ditugun, ez?.

BERBIZNE - Orain, nik nere izenaren berri eman dizudanez gero, zuk ere mesede bat egin behar didazu.

- Ba dakizu zuk, jakin ere, gu hor goian bizi garala Serante mendi loratsu horren gerri inguruan; hortxe daukagu geure bizilekua; asko gara, eun bat, eta janaria behar izaten dugu.

- Sarritan ez daukagu nahi aina.

AITOR - Eta, zer nahi zenuke?.

BERBIZNE - Zuk astotxoan daramazkizun lau sardina saskiak guri ematea.

- Guk gaurkoz behintzat gosea arindu dezagun.

AITOR - Zure gogoa ez dakit, ba, bete nezakenik.

- Ni amak bidali nau sardina saltzen; behartsuak gara geu ere (...).